martes, 11 de agosto de 2015

Palas (2974 metro), Ledormeur tximiniatik

Palasek ez ditu hirumila metro eta gainera Balaitus handiaren itzalpean dago. Osagai hauekin nahiz eta Palas mendia oso erakargarria ez iruditu, baditu erakargarri bihurtzen dituen beste ezaugarri batzuk: Piramide itsurako mendia, haurrek margotzen duten horietakoa (niri K2 mendia gogorazten dit), edozein lekutik igotzen garela eskalatzea eskatuko digu, bertatik dugun ikusmira ikusgarria da, batez ere Balaitus eta Frondiellak mendietara, eta gainera, egunean igo eta jaitsi nahi ez bada, Frantzian bi aterpeetan (Arremolit eta Larribet) eta mugatik hona Arriel aintziretan lo egiteko aukera dago. Zer gehiago eskatu daiteke?

Errepor honetako ibilbidea La Sarra urtegitik doan ohiko bidea da, Ledormeur tximiniatik doana. Kotxea Sallent de Gallego herriaren ondoko urtegi honetan utzi eta hemendik Respomuso aterpera doan GR-11 ibilbidea ordu betez jarraituko dugu, Arriel aintziretara doan bidegurutzera iritsi arte (bidegurutzean indikazio poste bat dago). Hemen GR-11 bidea utzi eta Arriel aintziretara doan bidea hartuko dugu. Goiko Arriel aintzira atzean utzi ondoren Lavedan mendatera doan bidea jarraitu eta bertara iritsi aurretik ezkerrera (ekialdera) hartuko dugu tximiniaren sarreraraino (bertan, harkaitz batean tximiniaren sarrera adierazten duen kartel hori bat dago).

Tximiniak zailtasun handirik ez dauka eta II edota II+ inguruan dabil, baina kontuz ibili beharra dago azpitik datozen mendizaleei harririk ez botatzeko, honegatik, nire ustez behintzat, igoera hau egitekotan kaskoa eramatea ezinbestekoa da.

Tximinia igo ondoren Palasen gailurreraino oinez iristen da, tarteka, leku isolaturen batean, eskuak erabilita. Dena den, tximiniaren irteeratik gora harri aske pila dago, honegatik hemen ere kontuz izan behar da harririk ez botatzearekin, batez ere egiten den lehen zeharkaldian botatzen ditugun harri guztiak tximiniaren gainera erortzen dira eta.

Jaitsiera bide beretik egiten da. Duela urte batzuk tximiniaren jaitsiera errazteko hiru rapel puntu jarrita zeuden, parabolt, uztai, kate eta guzti, baina orain kenduta daude. Hau kontutan izan behar da jaitsieran ezustekorik ez izateko, sokarik eraman behar baduzue, rapelak zuek muntatu beharko dituzue eta.

Informazio eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.


Amaitzeko irteeraren bideoa uzten dizuet, espero dut gustuko izatea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario