martes, 25 de octubre de 2016

Txindoki, hego-mendebaldeko zeharkalditik.

Kronika honetan Txindokira igotzeko modu original bat aurkezten dizuet, hego-mendebaldeko zeharkaldia.

Zeharkaldi hau oso nabaria da Txindoki hego-mendebaldetik begiratzen badugu, Zeharkaldia Txindokiko gailurra hego-mendebaldetik inguratu eta ipar-mendebaldeko lepoan amaitzen da, lepotik gailurrera bost minutu eskasean iritsiz. Zeharkaldiaren sarrerara Txindokira doazen ohiko hiru bideetatik (Larraitzeko bidea, Tximista bidea edota Muitzeko bidea) iritsi gaitezke, baina biderik zuzenena eta hemen azaldutakoa Tximista bidetik doana da.

Tximista bidetik zeharkaldira iristeko ere aukera ezberdinak daude, oinez joatetik eskaladatxoak egitera, baina hemen biderik errazena azaltzen da, oinez egin daitekeena alegia.

Amaitzeko, zeharkaldi osoa egin beharrean badago gailurrera zuzenean iristea eskaladatxoak edota benetako eskaladak eginez, baina, berriro ere, hemen biderik errazena azaltzen da.

Jaitsiera Larraitzetik datorren bidetik egina dago.

Txindokiko hego-mendebaldeko zeharkaldia, gorriz jarraitutako bidea era urdinez jaitsierakoa.


Zeharkaldia gertuago: bertako leku adierazgarrienak adierazi ditut.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera:  9 kilometro.
- Punturik baxuena: Larraitz, 404 metro.
- Punturik altuena: Txindoki, 1.341 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 927 metro.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Igoeran Larraitzen eta Oria iturrian eta jaitsieran Beltzulegiko borden ondoko iturrian ura hartzeko aukera izango dugu.
- Zailtasuna: Ibilbideak ez dauka zailtasun handirik baina badira kontuz ibili beharreko bi pausu delikatu, batez ere harkaitza bustia badago: lehenengoa zeharkaldiaren hasieran eta bigarrena gailurrera iritsi baino lehen igo behar den harkaitz bereizgarri batean. Ez nuke jakingo zein zailtasun maila eman, baina I-IIko zailtasunaren inguruan egon daitezke.
- Eramandako materiala: Ez dugu aparteko materialik beharko.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Guk oinez lasai-lasai igoera eta jaitsiera 3 ordu inguruan bete genuen, atsedenaldiak ere kontutan izanda.

Informazio eta argazki gehiagorako eta bidea deskargatu nahi baduzue:

- http://www.smithyrenbloga.com/2016/10/txindoki-1341-m-hego-mendebaldeko.html

No hay comentarios:

Publicar un comentario